"Lehengo sistemak, aspalditxoan, arazoak ematen zituen, ez zituelako ontziak ongi bueltatzen. Mankomunitatean adostu genuen beste era batekoekin proba egitea", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.
Bi edukiontzi jarri dituzte
Gainera, hainbat herritarrek etxetik 600 bat metrora zuten edukiontzia; orain, bi edukiontzirekin, olio erabili gehiago batuko dela uste du Lazkanok.
Beirazko edo plastikozko potoak
Sistema berriarekin, etxean gauza bera egin beharko da: baina orain, edukiontzira eraman beharreko potoak norberak jarri beharko ditu. Beirazko edo plastikozko potoak erabil daitezke. "Olioa ontzietara isuri, ongi itxi eta edukiontzi berrietara bota behar dira", azaldu du alkateak. Potoetara olioa egoki isurtzeko, Udalak inbutuak banatu ditu; hain zuzen ere, udaletxean eska daitezke.