Elgetako Udalak 185.847 euroko gerakinarekin itxi zuen 2017a eta udal arduradunek atzo, martitzena, egindako osoko bilkuran erabaki zuten gerakineko 182.436,34 euro zertara bideratu.
Zati bat —50.997,93 euro— 2018ko aurrekontuan aurreikusita dauden egitasmoetara bideratuko dute. Hala, osatu egingo dira aurrez onartuta dauden zenbait diru-lerro. Esaterako, aparejadorearen auzietako bat ordaintzeko diru-lerroa, zenbait udal asegururen ordainketa, elurra kentzeko lanak egiteko partida, argi sarearen mantenu lanetarako dagoena, aurreikusita dagoen langileen soldata igoera... Gainerakoa — 131.438,41 euro— egitasmo berrietara bideratuko dute, tartean herri guztiko argiteria LED sistemara pasatzera, ospitale zaharra botatzera, gaztetxeko teilatua konpontzera...
EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin onartu da kreditu aldaketa. Gu Geu Elgetako udal ordezkariak abstenitu egin dira. "Aurrekontuarekin abstenitu egin ginen eta kreditu aldaketa hau aurrekontuaren luzapena izanik abstenitu egingo gara", esan zuen Mikel Larrea bozeramaileak. Gaineratu zuen Udalak mantenu lanak egitera mugatzen duela bere jarduna eta okerreko aurreikuspenak egin izana seinalatu zuen. "Dinamika arriskutsua iruditzen zaigu horrela jardutea", esan zuen. Inbertsio kontzeptu berriak bota zituen faltan eta aurrezten joateko intentzio eza azpimarratu zuen.
EH Bilduko ordezkariek erantzun zioten urteetan ez dela ganorazko mantenu lanik egin Elgetan, eta beharrezko ikusten dutela horiek egitea. Dirua aurreztu ahala joango direla egiten adierazi zuten. Proposamen zehatzak egiteko eskatu zioten oposizioari eztabaida gauza zehatzen inguruan egin ahal izateko.