Bi zuhaitz landatu dituzte gaur Elgetako Herri Eskolako ortu parean

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mar. 22a, 16:36

Eskolako neska-mutikoak landatutako zuhaitzetako bati begira. (Argazkiak: Elgetako Herri Eskola)

Bihar hartuko dituzte Aste Santuko oporrak Elgetan ere, eta aurretik kultura astea egiten ari dira ikasleak, irakasleak eta horretara animatu diren familiak. Gaur, bi zuhaitz landatu dituzte Haur Hezkuntzako ikasleek.

Aste berezia izaten ari da honakoa Elgetako Herri Eskolan. Astelehenean eman zioten hasiera kultura asteari eta ikasleak ikasgelatik ikasgelara ibili dira ipuin kontalari. Jokoak eta jolasak ere egin dituzte. Hain zuzen ere, bihar egingo dute ginkanaren sari banaketa.

Eguneko zentroan ere izan dira eskolako hainbat ikasle, taldeka. Kantuan egin dute bertako erabiltzaileendako. Txirula ere jo dute nagusien aurrean.

Gaurko iragarrita zeuden kaleko ekintzak, tamalez, bertan behera gelditu dira. Aurreko egunetan egindako eguraldia izan da arrazoia.

Ikasleak zuhaitz landaketak egitekoak ziren: txikienek eskola ondoko patioan sartu behar zituzten zuhaitzak eta LH 1 eta 2-koak Egoarbitzan. Hirugarren mailatik gorakoek, berriz, irteera zuten Gomiztegira. Elurra dagoela-eta deia jaso zuten atzo ikastetxean esanez hobeto zela irteera atzeratzea. Hala, aurrerago joango dira elgetarrak Arantzazuko baserri eskolara.

Zuhaitz landaketa

Haur Hezkuntzako ikasleek azkenean bi zuhaitz landatu dituzte gaur goizean eskolako ortuko atzeko aldapan. Kakiondo bat eta okaran bat izan dira. Ikasleen begiradapean haziko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak