Elgetako Udalak 185.847 euroko superabitarekin itxi du 2017a

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mar. 21a, 14:30

Iraitz Lazkano alkatearen esanetan gastu arrunten kapituluan izandako jaitsierak eta zuzeneko zein zeharkako zergetan emandako sarreren igoerak ahalbidetu dute, gehienbat, iazko udal aurrekontuaren likidazioa positiboa izatea.

Elgetako Udalak 256.884,05  euroko gerakinarekin itxi du 2017ko jarduna. Atzo, martitzena, egindako ez ohiko osoko bilkuran eman zuen likidazioaren berri Iraitz Lazkano alkateak. Gaineratu zuen aurreikusitako gastuen betetze maila %90,75 izan dela eta sarreren betetze maila, berriz, %100,58. Zor bizia edo Udalak banketxeekin duen zorra udal aurrekontuaren %33,6 da. Datu horretatik kanpo gelditzen dira Udalak ordaintzeko dituen kalte-ordainak.

Emaitza onak direla baloratu du alkateak. "Oso oso positiboa da", adierazi du."Gastu orokorretarako gelditzen zaigun diruzaintzarako gerakina 256.884 eurokoa da. Zati bat erabili beharko dugu iaz exekutatu barik gelditu ziren hainbat gauzetarako. Esaterako, hilerriko hormaren lanen bigarren zatirako. Izango dira 48.000 euro inguru. Horiek kenduta zertan erabili erabakitzeko geldituko zaizkigu 210.000 euro inguru", esan du Lazkanok.

2017ko udal likidazioak iraunkortasun araua, gastu araua eta zor biziaren araua betetzen dituela zehaztu du Udaleko idazkari Gotzon Goikoetxeak. Alkateak zehaztu du aparejadorearen bigarren auziarekin lotutako ordainketa atzeratu izanak ahalbidetu duela gastu araua betetzea.

210.000 euro gehiago 2018rako

Eguraldia tarteko hilerriko hormaren konponketa lanen bigarren fasea atzeratu egin da, eta 2018an egin beharko da. Gastu hori aurreikusi beharko da 2018ko aurrekontuan. Atzeratu egin da baita ere Olalde aparejadorearen bigarren auziarekin lotutako ordainketa, 60.000 euro ingurukoa. Bi partida horiek kontuan hartuta Udalak beste 210.988,87 euro izango ditu 2018ko aurrekontuan txertatzeko. Hurrengo asteetan zehaztu beharko dute udal ordezkariek diru hori zertara bideratu.

Superabitaren gakoak

Lazkanoren iritziz kudeaketan dago gakoetako bat. Emandako datuen arabera 2017an 80.000  euro aurreztu ditu Udalak gastu arrunten atalean. "Olalderen bigarren auziko ordainketa kenduta ere 80.000 euro gutxiago gastatu ditugu. Ikusten da bai energia kontsumoetan bai aseguruetan eta halako pila bat gauzetan aurrezten ari garela urtero-urtero. Uste dut gauzak txukun eginda, ondo kudeatuta eta horrekin batera oso garrantzitsuak ez diren gastuak jaitsita eta sarrerak mantenduz edo igota bagabiltzala poliki-poliki lortzen bai kalte-ordainei aurre egitea eta bai dirutxo bat libratzea ezinbestekoak diren mantenu lan batzuetarako eta beste inbertsio batzuk egin ahal izateko", baloratu du.

Gastu arruntean emandako jaitsierarekin batera igo egin dira sarrerak bereziki zuzeneko zein zeharkako zergen kapituluetan. Hori ere bada Lazkanoren ustez likidazioa positiboa izatea ahalbidetu duen beste gakoetako bat. "Zuzeneko zergetan esperotakoa baino 37.000 bat euro gehiago sartu ditugu, eta zeharkako zergetan, berriz, esperotakoa baino askoz ere gehiago. 10.000 euro aurreikusten genituen eta 40.000 izan dira", azaldu du."Hemen kontuan eduki behar da aurten obra garrantzitsuak izan direla bai etxebizitza batzuetan eta baita tailer edo pabiloi batzuetan. Horrek eragiten du zeharkako zergetan halako igoera izatea. Egoera koiunturala da", esan du.

Udal aurrekontuaren egonkortasuna betetzen dela azpimarratu du Lazkanok, eta esan Udala gero eta zehatzago ari dela jarduten inbertsioen planifikazioan.

Atzoko osoko bilkuran parte hartu zuen oposizioko kide bakarrak ere modu positiboan baloratu du 2017ko likidazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak