Boluntario talde batek Erdi Aroko Elgetara eraman ditu eguerdian batu diren ehun bat herritar. Herriko pertsonaiak ezagutzeaz gain, gremio ezberdinen lanak, betebeharrak, eta Elgetako hainbat eraikinek gordetzen dituzten bitxikeriak azaldu dituzte antzeztutako bisita gidatuan. Gidoia Nerea Villak egin du, eta bere ibili da gidari lanak egiten, San Roke kalean gora eta behera,
Besteak beste, errementariaren eta bere laguntzailearen lana gertutik ezagutzeko aukera egon da, jostunak garai hartan zituen hainbat betebehar, edota orduan lixiba nola egiten zen azaldu du sendabelarrez ere arduratzen zen sorginak. Nekazariek orduan zuten lana eta nola bizi ziren ere azaldu dute elizaren aurrean.
Gainera, elizan, Calahorrak inkisidore izan zen Martin Saez de Ibarra ezagutzeko aukera izan dute bisitariek. Inkisizioak egiten zituen basakerien berri eman du boluntario batek bertan. Santi Dosunak, bestalde, Olaegiko Otxoa Donor jauntxoa aurkeztu du, eta orduan gerlariek zituzten eginbeharrak azaldu dizkie ikus-entzuleei.
Eguraldiari begira izan dira asteon bisita antzeztua antolatu duten boluntarioak, eta azkenean, bisita orduan, gogotik bota du. Hala ere, herritarren erantzuna oso ona izan da, eta ehun lagun inguruk jarraitu dute Erdi Aroko kontakizuna.