Domekan Erdi Aroko azken mendeetara eramango dituzte bisitariak jantzi, joko eta elkarrizketa bitartez. Nerea Villak egin du gidoia, eta berak egingo ditu, etzi, gidari lanak. "Elgeta Erdi Aroan San Roke kalea zen. Iturritik abiatuko gara domekan eta kale horren bueltan ibiliko gara", aurreratu du Villak.
Nekazaria, jostuna, erromesa, errementaria, idazkaria... askotariko pertsonaiek hartuko dute bizia, baita ere oihartzun handiagokoak izan ziren Erdi Aroko bi elgetarrek, hala nola Olaegiko Otxoa Donor jauntxoak eta Calahorrako inkisidore izandako Martin Saez de Ibarrak.
Aktoreak ilusio handiarekin
Antzezle amateurrek egingo dute antzerki berezia eta esperientzia berria izango da gehienendako. Ilusio eta gogo handiarekin jarriko dira jendaurrean. Helburu bakarra dute: herriko gazteenei Elgeta noiz eta nola sortu zen azaltzea eta orduko pertsonaiak, ogibideak eta bizimodua erakustea.
Santi Dosuna da boluntarioetako bat. Olaegiko Otxoa Donor jauntxoa antzeztuko du domekan. Urduri dago, baina pozik egindako ahaleginak pena merezi duela iritzita. "Esperientzia oso polita izan da eta asko ikasi dut Elgetari buruz. Ea domekan gauzak ondo ateratzen zaizkigun!", esan du Dosunak.
Eguraldiarekin lotuta zenbait kokapen aterpean direla esan dute, eta jakinarazi dute argi badago amaieran kanpandorrera igotzeko aukera izango dela.