Elgetarrek apirileko laugarren domekan egingo dituzte aurten Intxortako erresistentzia gogoratzeko eta aldarrikatzeko ekintzak. "Aurten ez da Intxortako borrokaldia antzeztuko baizik eta matxinatuek herrira sartu zireneko pasarteak. Beraz, errekreazioa herrian bertan egingo da", adierazi du kultura eta turismo teknikari Ainhoa Bernabek.
Guztira, sei pasarte motz antzeztuko direla aurreratu du eta jakinarazi du herriko plazan eta Salbador kalean izango direla antzezlan horiek. "Hala ere, gutxi gorabehera iazko boluntario kopuru berdina behar dugu. 70-80 bat boluntario behar ditugu tropak osatzeko. Figuranteak izango dira: gudariak, falangistak, erreketeak... Gero, beste 20-25 bat lagun behar ditugu antzezlanetan parte hartzeko".
Udalak zabalik du errekreazio horietan parte hartzeko izen-ematea. Informazio gehiagorako interesatuek udaletxera jo behar dute. Argibideak ematen dituzte baita ere turismoa@elgeta.eus helbide elektronikoan zein 943 76 80 22 telefono zenbakian.