Beste urte batez Elgetan egingo du Ibiltarien Jaia Euskal Mendizale Federazioak. Urtero moduan 25 kilometroko mendi irteera, sari banaketa eta bazkaria daude iragarrita.
Mendizaleak 08:00etan abiatuko dira kiroldegitik. Lerrook idazterakoan 108 lagun zeuden izena emanda. Egingo duten ibilbidea da: Elgeta, Intxorta, Erdella, Aixola, Egoarbitza, Azkonabitza eta Elgeta. Aurretik jakinarazten dutenendako lo lekua egongo da herrian eta posible izango da egunean bertan izena ematea. Amaieran, berriz, dutxatzeko aukera egongo da.
Sari banaketa eta bazkaria
Bazkaria kiroldegian izango da eta 14:30ean hasiko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Aurretik, Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien 16. zirkuituaren sarien banaketa egingo dute. Bazkariari dagokionean prezioa da 26 euro eta barikura arte dago zabalik izena emateko aukera.
Interesatuek turismoa@elgeta.eus helbide elektronikoan, www.elgeta.eus webgunean, www.zirkuitua.com webgunean edo 943 76 80 22 telefono zenbakian jasoko dituzte argibide gehiago.