Elgetako udalbatzak aho batez onartu zuen baldintza-agiri berria martitzenean egindako osoko bilkuran. Indarrean den esleipena maiatzaren 31n amaitzen da eta asmoa da berria ekainaren 1ean sartzea indarrean.
Baldintzak argitaratzen diren unetik interesatuek 30 egun natural izango dituzten eskaintzak aurkezteko. Ordutegiei eta eskatutako gutxieneko zerbitzuei dagokienean ez dago berritasunik.
Aldaketa nabarmenenak dira esleipendunari bolatokia zabalik edukitzea eskatuko zaiola eta hileko alokairua 200 eurokoa izango dela, BEZ barne. "200 euroko kanon bat dago orain indarrean eta kirol zerbitzuengatik kobratutakoaren %10 edo %15 ordaintzen dio Udalak esleipendunari. Uste dugu ez dela egokia faktura bat bitarteko ez dela diru-sarrera egitea", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. Hala, BEZ barne duen 200 euroko alokairua ezartzen du baldintza-agiri berriak.
Hiru urteko kontratua eskaintzen da banaka beste bi urtez berritu ahalko dena.