Ainhoa Aizpuru diputatua Elgetan izan da gaur

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ots. 27a, 21:53

Ainhoa Aizpuru diputatua eta Iraitz Lazkano alkatea Galgorriko ordezkariekin instalazioak ikusten.

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua Iraitz Lazkano alkatearekin batzartu da, eta ondoren Galgorri enpresaren instalazioak bisitatu ditu.

Lurralde Orekako foru zuzendari Iñaki Labakarekin batera izan da Aizpuru Elgetan, eta adierazi dutenez Lurralde Orekako zuzendaritzak diruz lagundutako proiektuen berri zuzena edukitzeko aukera izan dute.

Hain zuzen ere, Landagipuzkoa+ programaren testuinguruan antolatutako lan jardunaldia izan da. "Aldundiak ia 25.000 eurorekin lagundu du baserri bideen berritzea azken bi urteetan", adierazi dute Foru Aldunditik. "Elgetako baserri bideak bost  gunetan —Asentzio, Iturbe Etxeberri, Azula, Mendrakorta, eta Kortasakon-Txulokua— berritzeko laguntza eman du Foru Aldundiak 2016an eta 2017an. 24.300 euro pasatxoko laguntza izan da. Gainera, Lurralde Orekako zuzendaritzak 2016an emandako diru-laguntzarekin Elgetako argiteria eta fultbol kantxa berritzeko lanak bultzatu dira".

Bisita Galgorrira

Elgetara egindako bisitan Berraondokoa industria-gunean dagoen Galgorri enpresaren instalazioak ikusten izan dira Aizpuru eta Labaka. "Kalitate handiko produktuak bertatik bertara prestatzeko egiten duten lana ezagutu ahal izan dugu. Herri txikiek garrantzia berezia dute gure lurraldean. Hizkuntza, kultura, natura, lurralde orekaren ikuspegitik balio nabarmenak dituzte eta ekonomiaren alorrean ere paper esanguratsua dute. Errealitate hori bultzatu eta indartu egin behar dugu elkarlanean", azpimarratu du Ainhoa Aizpuruk.

Elgetako Udalaren proposamenak

Landa Garapeneko ordezkariekin egindako lan saioan Elgetako udal ordezkariek herrian dauden hainbat premiaren berri eman dute. "Gure proposamenak ere bota ditugu", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Aurretik ere aipatu izan ditugun gaiei buruz aritu gara: garraioa, ur zikinen saneamendua, baserri bideak... Eta jakin dugu, esaterako, industrialdean zuntz optikoa zabaltzeko proiektua martxan dela".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak