Ines Bengoa: "Nire hitzak abiapuntu hartuta bakoitzak bere buruan egiten duen irudikapenak indar handia du"

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ots. 16a, 11:33

Ines Bengoa. (Argazkilaria: Sonia Senosiain)

Umoretik eta azaletik kontatzea gustatzen zaio Ines Bengoari, eta batez ere ipuin erotikoak badira. Diskurtso landua du gaiaren inguruan eta argi dio batez ere emakumearen ikuspuntutik kontatzea gustatzen zaiola. Gaur, sei istorio kontatuko ditu Elgetako liburutegiko Bibliobero ekimenaren barruan. Saioa 22:30ean hasiko da.

Zenbat eta zein ipuin kontatuko dituzu gaur Elgetan?

Ordubeteko saioa izango da, eta sei istorio kontatuko ditut. Asko irakurtzen dut eta normalean ipuin tradizionaletatik edaten dut. Kasu honetan denetarik izango da. Bi ipuin, esaterako, gaur egungo idazle bik idatzitakoak dira. Ipuinak nireak ez izan arren moldatzea gustatzen zait. Ipuin tradizionalak batez ere garai bateko istorioak izaten dira eta amaierak batzuetan ez zaizkit gustatzen eta pentsatzen dut entzuleei ere ez zaizkiela gustatuko. Hala, gure garaietara ekartzen ditut eta amaiera moldatzen dut.

Zer jasoko dute ipuin saiora gerturatzen direnek?

Ikusiko dute historian zehar emakumea nola egon den erotismoaren eta sexualitatearen gai honetan. Bestela esanda, gizarteak zein lekutan jarri gaituen eta nolakoa izan den gure esperientzia sexualitatearen alor horretan. Zein garapen izan den ere bai.

Eta hobera egin dugu gai horretan emakumeen egoerak?

Gure gizartean hobera egin dugu nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko. Beste zenbait lekutan, ordea, atzera egin dute. Saioan kontatzen dut, esaterako, Las mil y una noches liburuko ipuin bat. Kultura arabiarra da eta hor asko egin dute atzera.

Guztiak dira emakumezkoen istorioak?

Ez dira denak emakumeen istorioak. Gizonak ere badaude. Uste dut gainera denok dugula alde femeninoa eta maskulinoa. Baina emakumea naiz eta nire ikuspuntua emakumearena da, beraz feminismoa hor dago eta gainera harro esaten dut.

Zein osagai behar ditu ipuin erotiko batek?

Nire ustez ipuin erotiko batek izan behar dituen osagaiak bi dira: umorea eta azaletik kontatzea. Edozein dela ere gaia beti gustatzen zait umorea erabiltzea. Bigundu egiten du errealitatea eta errazago egiten du edozein gai tratatzea. Umorea istorio guztietan erabiltzen dut.

Bestalde, edozein istorio kontatzeko asko jarri behar du nork beretik. Azaletik kontatzea garrantzitsua da eta nik, esaterako, nire ikuspuntua sartzen dut eta ipuin erotikoetan ahalik eta gehiago. Erotismoaren eta sexuaren inguruan topiko asko daude, publizitatetik edo zinematik datozen aurreiritziak, baina egoera horiek azalera ekartzen dituzunean konturatzen zara estereotipo horiek beste batzuk eraikiak direla. Asmatuak. Hala, topikoak alde batera uzten dituzu.

Arrakasta handia du ipuin erotikoen eskaintzak?

Helduendako bost ipuin saio ditut. Denetariko ipuinak kontatzen ditut, baina hasieratik eta askogatik ipuin erotikoen saioa da gehien eskatu didatena. Asko mugitzen da. Eskaera handia dago. Badago kuriositatea edo ez dakit nola deitu…

Irudimenak garrantzi handia da erotismoan, ezta?

Nire hitzak abiapuntu hartuta bakoitzak bere buruan egiten duen irudikapenak indar handia du. Hori argi eta garbi. Nik egoera batzuk planteatzen ditut. Hortik abiatuta nork bere buruan sortzen duena askoz ere aberasgarriagoa dela iruditzen zait. Ni entzule naizenean ere konprobatu izan dut.

Ahozkotasunak indar handia du ikus-entzunezkoaren gizarte honetan?

Guk uste duguna baino handiagoa. Ni harritu egiten naiz. Batez ere helduekin —haurrak akaso ohituagoak daude ipuinak entzutera—. Helduok ez dugu ohitura hori eta jendea entzutera etortzen denean gustatzen zait galdetzea amaieran zer moduz egon den. Esaten didate pasada bat dela eta nola den posible bakarrik hitzak erabilita hainbeste gauza irudikatzea. Hitzetatik abiatuta gure irudimenak sortzen duenak askoz ere indar handiagoa du edozein pelikulak eskaini ahal digunak baino. Harrigarria da.

Zein jarrerarekin joan behar da gaur zure ipuin erotikoak entzutera?

Entzuleei esango nieke ondo pasatzera etortzeko, eta beldurrik gabe etortzeko. Sexuarekin edo erotismoarekin lotuta kontatzen ditudan ipuinak azaletik kontatzen ditut beraz ez dira batere bortitzak. Sexuarekin badago imajinario handi bat. Kontatuko ditudan ipuinak opari bat dira. Hitzez eskainitako opariak. Orduan, esango nuke opari bat jasotzera etortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak