Literatura erotikoa genero literario bat da non erotismoarekin eta sexuarekin lotutako testuak sailkatzen diren. Horren barruan mota askotako testuak aurki daitezke, muturreko pornografiatik anbiguotasun handiko testuetara.
Elgetako liburutegian literatura erotikoarekin lotutako ekintza sorta prestatu dute hurrengo egunetarako. Bibliobero izenburupean interesgune berezia, Hitzez Pitz irakurketa klubaren saioak eta Ines Bengoaren ipuin erotikoen emanaldia iragarri ditu liburutegiko arduradun Geaxi Ezpeletak.
Interesgunea gertu dago. Liburutegiko txoko batean elkartuta daude generoarekin lotutako liburuak zein bestelako sexualitate liburuak. Hitzez Pitz irakurketa klubaren saioak eguenean egingo dituzte, hilak 15, goizez zein arratsaldez. Zukafukamusuka liburuko hiru ipuin hartuko dituzte ardatz. Liburutegian daude eskuragarri.
Ipuin erotikoen kontakizuna, berriz, barikuan, hilaren 16an izango da, 22:30ean liburutegian. Ines Bengoak ipuin kontalari lizarratarrak egingo du Hotzikara izenburupean.