Debagoieneko Sahararen aldeko Bubisher elkarteak urteroko elikagai bilketa antolatu du. Piztu Itxaropena lelopean egingo dute 14. euskal karabana. Elgetarren elkartasuna eta laguntza ere eskatu dute. Bihar, urtarrilak 30, amaitzen da produktuak jasotzeko epea. Herri Eskolan da bilketa puntu nagusia, aurten.
Arroza, lekaleak, azukrea, atuna, sardina oliotan, pasta eta olioa eskatu dituzte. "Tindoufeko errefuxiatu kanpamenduetan baldintza penagarrietan bizi dira, eta osasun arazo handiak sortzen ari zaizkie, batez ere, 5 urtetik beherako umeei, haurdun dauden emakumeei edo bularra ematen ari direnei", adierazi dute Bubisher elkartetik. Jakinarazi dute otsailean abiatuko dela euskal karabana Saharara.
Marrazki lehiaketa
Bubisher elkarteak marrazki lehiaketa ere antolatu du. Gaiarekin lotutako marrazkiak jaso gura dituzte. Irabazleen izenak otsailaren 10ean emango dituzte ezagutzera.