Frankismoaren aurkako Elgetako kereila hizpide izan dute Bartzelonako jardunaldi berezian

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urt. 23a, 13:07

Frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako jardunaldian atzo Bartzelonan elkartutako hainbat alkate. (Argazkia: Bartzelonako Udala)

Elgetako alkate Iraitz Lazkano frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako udalerrien sareak egindako jardunaldian izan zen atzo, astelehena. Iraitz Lazkanorekin batera askotariko udal ordezkariak elkartu ziren Bartzelonan egindako topaketan, tartean hainbat alkate. Besteak beste, Bartzelonako alkate Ada Colau, Iruñako alkate Joseba Asiron, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta Durangoko alkate Aitziber Irigoras.

2016an sortu zuten frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako udalerrien sarea, eta iaz atxikitu zen bertara Elgetako Udala.

Egun osoko jardunaldia izan zen atzokoa. Frankismoaren aurka aurkeztutako kereilak eta egindako urratsak izan zituzten hizpide. Nork bere esperientziaren berri eman zuen eta informazioa trukatzeko aukera eman zuen jardunaldiak. Elgetako kereilaren garrantziaz ere berba egin zutela adierazi du Iraitz Lazkano alkateak sare sozialen bitartez.

Bartzelonako alkate Ada Colauk, bere aldetik, berretsi egin du elkarteko kideen konpromisoa: "Frankismoaren biktimendako justizia lortzeko Udalen arteko elkartasun lokarriak lotzen jarraitzeko konpromisoa berritu dugu", adierazi du.

Bisita La Modelo espetxera

"Jardunaldia bukatzeko La Modelo espetxea bisitatu eta frankismoak bortizki eraildako Salvador Puig Antichen arrebak ezagutzeko ohorea izan dugu", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.

Bartzelonako Udalak memoria historikoarendako berreskuratu du berriki La Modelo espetxea, eta bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, atzo, udal ordezkariek.

Elkarteko kide diren udalerriek sorrerako helburuaren alde jarraituko dute lanean; frankismoaren zigorgabetasunarekin amaitzea, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak