Koldo Izagirrek diseinatu ditu Elgeta erdigunerako sarrerako kartel berriak

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urt. 18a, 12:00
Koldo Izagirre Elgetako kartelaren diseinuan lanean. (Argazkia: Koldo Izagirre)

Bestelako diseinu lanetan aritu ohi da, baina ilusioz egin dituela eta emaitzarekin nahiko gustura dagoela esan du.

Udalak berritu egin ditu Bergarako eta Elorrioko errepideetatik etortzen direnei Elgeta erdigunea iragartzeko kartelak. Koldo Izagirrek jaso zuen diseinu berria egiteko enkargua. "Egia esan ilusio eta gogo handiarekin egin dut. Herriko sarreretan norberan lan bat ikustea ez da ohikoena", esan du.

3x2 metroko kartelak dira eta ez ohiko lan tamaina izan da elgetarrarendako. "Aurretik antzerako lan txikiago batzuk egin izan ditut, baina tamaina honetakorik inoiz ez". Adobe Illustrator erreminta erabili du diseinua egiteko eta lan ordu dezente izan direla esan du. "Ni nahiko perfekzionista naizelako eta ordenadore aurrean jartzen nintzen bakoitzean zerbait aldatzen nuelako", azaldu du. [Jarraitzen du]

Tamaina handiko panelak izatera gertutik ikusteko hainbat detaile egin dituela ere esan du; izan ere, tamaina handiak aukera hori ematen du. "Hasiera batetik nire proposamena era honetako zerbait egitea zen, eta askatasun osoa eman didate gauzatzeko orduan. Neskalagunak asko lagundu dit bera ere diseinu munduan aritzen baita, eta Iraitz Lazkano alkatearekin elkarlanean aritu naiz. Emaitza gustukoa izan dela uste dut. Orain, eguzkia egitea falta da kolore guztiak bixi-bixi ikusteko!".

Kataia, Asentzio, Intxorta, lubakiak... agertzen dira irudian. "Elementu esanguratsuenak sartzen saiatu naiz, baina asko daude Elgetan, eta ezin guztiak sartu zerbait txukuna egin nahi izan ezkero...".

Orbea etxeko marketin alorrean dihardu orain elgetarrak, eta apur bat utzita dauzka diseinu lanak. Dena den, 3D eta animazioan oso gustura aritu izan dela adierazi du.

Koldo Izagirre elgetarraren lana gertuagotik ezagutzeko webgunea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak