Danbor hotsa entzun da gaur Herri Eskolako jolastokian; izan ere, Haur Hezkuntzako neska-mutikoek eta seigarren mailako ikasleek prestaketa saioa egin dute. Hurrengo egunetan ere egingo dituzte gehiago barikuan dena bikain atera dadin.
Elene Aldalurrek egingo ditu aurten danbor nagusi lanak. Haren makilak markatutako erritmora joko dute danborra gainerako ikasleek.
San Sebastian eguna, urtarrilak 20, zapatua da aurten eta Herri Eskolako neska-mutikoek bezperan egingo dute jendaurreko saioa. 15:30ean ekingo diote danborradari frontoi zaharrean. Herritar guztiak daude gonbidatuta.
Kofradiako nobleak
Elgetako San Sebastian kofradiako nobleek, berriz, zapatuan egingo dute urteroko ekitaldia. Erdi Arotik datorren ohitura da honakoa eta meza entzuteko elkartuko dira 13:00etan. Jarraian, ekitaldia egingo dute sakristian eta ondoren bazkaria El Rincon de Lola tabernan. 24 lagun elkartzea aurreikusten dute. Tartean izango dira Elgetako eta Uberako nobleak. Angiozarko nobleek beraien aldetik ospatuko dute eguna.
Pena da baina aurten eskolako danborrada ez da nobleen ekitaldian izango. Zapatuarekin ospatzera ez dago eskolarik eta umeek jai dute.