Kale bakarreko herria zen Elgeta Erdi Aroan, eta hainbat lekutatik jasotako datuekin birsortu gura dute. "Antzezlan txikien bitartez erakutsi gura dugu zaldunen, inkisidoreen eta emaginen —sorginen— Elgeta", adierazi du ahalegin horretan diharduen Nerea Villak. "Herritar guztiei, baina batez ere herriko neska-mutikoei erakutsi nahi diegu antzinako Elgeta zelakoa zen". Bisita gidatua antolatu gura dute eta Inauteri-domekan egitea da asmoa, otsailaren 11n. Ordu eta erdi inguruko iraupena izango du saioak.
Herria girotzeko eta antzezlan labur horietan parte hartzeko boluntarioak eskatu dituzte. Interesatuek udaletxean eman behar dute izena urtarrilaren 19rako. Taldea osatzen bada egingo du aurrera egitasmoak. "Antzerkiaren mundua gustuko baduzu edo probatu nahi baduzu lagundu bisita gidatu honetan. Paper txikiak dira eta zure lanaren bitartez Elgeta Erdi Aroan nolakoa zen erakusten lagunduko duzu", esan du Villak.