Herri mailako musika emanaldietan ikusi zaitugu. Gutxi dira abestera ausartzen direnak.
Gustatzen zait eta gure amari ere bai. Biak hasi ginen gitarra ikasten orain pare bat urte. Askotan abesten dugu elkarrekin. Aurten, pianoa ikasten ere hasi naiz. Gustura nabil.
Jendaurrean eroso sentitzen zara?
Batez ere urduri egoten naiz, baina jotzen edo abesten hasi arte. Orduan, lasaitu egiten naiz.
Zure zaletasuna duten gazte asko daude Elgetan?
Elgetan ez dut uste. Bergaran ezagutzen dut bateren bat, baina nik oraindik asko ikasi behar dut. Elgetako musika irakasleekin dihardut. Askatasun handia ematen didate kantuak eta abar aukeratzeko.
Zein musika mota duzu gustuko?
Pop doinuak ditut bereziki gustuko. Euskarazko kantu gehienak gustatzen zaizkit.
Herri mailako musika emanaldietan gehienek pianoa edo gitarra jotzen dute. Zuk, gainera, abestu egiten duzu. Zer esaten dizu jendeak?
[Irribarre] Ahots polita dudala. Niri ere gustatzen zait zuzenekoetan entzuten dudana. Grabazioetan, aldiz, arraro entzuten dut nire ahotsa.
Abesten jarraituko duzu?
Bai, badut asmoa. Gitarra opari jaso nuen, baina pianoarekin aurrera egiteko nahiko nuke diru apur bat aurreztea teklatu txiki bat erosteko. Etxean praktikatzeko ondo etorriko zait.
Gustatuko litzaizuke musika talde bat osatzea?
Oraingoz ez. Asko dut ikasteko eta hori da lehentasuna orain.