Garrantzitsua da bizitza ohitura osasungarriak izatea eta jakinekoa da zahartzaro aktibo eta osasungarri batek eragina duela pertsonen bizitza itxaropenean zein bizitza kalitatean. Elgetako Udalak 8.000 euro inguru inbertitu berri ditu Bolatokiko kiroldegi parean erabilgarri dagoen parkea egiteko. "Hauteskunde programan ekarri genuen egitasmoetako bat zen eta inbertsioa egiteko dirua pilatzea kosta bazaigu ere lortu dugu", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.
Adin batetik aurrerako pertsonek dituzten gaitasunak eta beharrak kontuan hartuta diseinatzen dira horrelako parkeak, eta baita ere errehabilitazio beharrak dituztenendako. Elgetako parkeak sei makina ditu.
Gorputz atalak lantzeko
Alkateak azaldu du gorputzeko atal ezberdinak lantzeko moduko makinak aukeratu dituztela. "Bi makina dira hankak lantzeko; bata eliptikoa eta bestea bizikleta estatikoa. Beste pare bat makina gerria lantzeko dira eta kulunkari estilokoak. Azken biak besoak eta eskuak lantzeko estrukturak dira".
Horrekin batera, Udalak neska-mutiko txikiendako aldamenean dauden jolaserako hiru estruktura berritu ditu.