Xalbadorpe erretiratuen elkarteak antolatuta badator kultura astea. Urtero moduan bazkideei zuzendutako ekintzak izango dira, eta horietako zenbait gainerako herritarrei ere bai bereziki antzerkia eta kontzertua.
Lehenengo ekintza bihar, martitzena, egingo dute. ONCE erakundearen baitan sortutako Oroimenak antzerki taldeko kideek El moderno izeneko antzezlana eskainiko dute Espaloia kafe antzokian, 17:30ean. Sarrera irekia eta doakoa izango da.
Arduradunek azaldu dute ukitu komikoak dituen drama dela. Istorioa 60. hamarkada bukaeran kokatzen da, jauntxo edo kazike bat dagoen herri txiki batean. Herriko tabernan bezeroek denetarik kontatzen dute eta herrixka horretako istorio txikiak eta handiak ezagutzen doa ikuslea.
Kultura asteari jarraipena emateko eguaztenerako, hilak 13, Alai Taldearen emanaldia dago iragarrita. Urteroko bisita egingo du Bergarako abesbatzak. Kontzertua 18:00etan hasiko da Espaloia kafe antzokian. Kasu honetan ere sarrera irekia eta doakoa izango da.
Bingoa eta luntxa
Eguenerako eta barikurako iragarrita dauden ekintzak Ozkarbi elkartean egingo dituzte. Eguenean, hilak 14, bingo saioa egingo dute eta barikuan, hilak 15, Gabonetako luntxa. Bingo saioa 17:00etan izango da eta luntxa 18:00etan. Kasu bietan elkarteko bazkideak daude parte hartzera gonbidatuta.