Egoera bere onera itzuli da, baina Ana ekaitzak gogor astindu du gauerdian Elgetan ere. Adar puskak daude errepide bazterretan eta hondakinendako edukiontzi bat baino gehiago daude apurtuta. Bere lekutik mugitu ditu haizeak eta gaur goizean batek baino gehiagok apurtuta dauka tapa.
Torrealdea auzoan, berriz, altxatuta dago umeen jolas parkeko lurra. Indartsu ibili da haizea zenbait zati urrutira bidali ditu eta.
68 kilometro orduko haize-boladak
Gauerditik aurrera jo du indartsuen Ana ekaitzak. Aemet-ek Pagatzako industrialde amaieran duen estazio klimatologikoak hartutako datuen arabera 68 kilometro orduko haize-boladak izan dira Elgetan. Tarterik txarrena 22:00etatik 03:00ak bitartekoa izan da, eta bereziki txarra 02:00ak aldera. Haize-boladak 39-68 kilometro ordukoak izan dira denbora tarte horretan.
22:00etan estazioak 51 kilometro orduko haize-boladak neurtu ditu, 23:00etan 55 kilometro ordukoak, 24:00etan 56 kilometro ordukoak, 01:00etan 57 kilometro ordukoak eta 02:00etan 68 kilometro ordukoak. 03:00etarako baretu egin da apur bat egoera; 31 kilometro orduko haize-boladak markatu ditu estazioak.