Harri-jasotzaileak Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko abe. 3a, 14:26

Elgetarren aurrean lanak ondo egitea zuen helburu Albizuk, baina atzokoan Xabier Peñagarikano bera baino gehiago izan zen, eta Aizarnazabalgoa sailkatu da finalerdietarako. Mikel Lopetegi Urra zarauztarraren aurka neurtuko ditu indarrak abenduaren 8an, Leitzan.

Elgetako zaletuek ez zioten hutsik egin atzo, eta frontoiko publikoak argi zuen: "Aupa Imanol! Aupa Imanol!", entzun zuen behin baino gehiagotan. Emaitzak, ordea, Peñagarikanoren aldekoak izan ziren. Biekin batera harri-jasotze lanetan aritu zen baita ere Orioko Gorka Etxeberria, azken unean lehiatzeko bigarren aukera jasota.

Bina minutuko hiru saio egin zituzten. Lehenengoan –zilindriko zaharrarekin egindakoa– Imanol Albizu 'Goikoetxe' izan zen onena. 27 jasoaldi egin zituen, Peñagarikanok baino bat gehiago. Etxeberriak 21 egin zituen.

Bigarren saioa kubikoarekin egin zuten eta hortxe egin zuen kale Elgoibarkoak. Hamalau jasoaldi egin zituen eta Peñagarikanok hamazortzi. Etxeberriak, berriz, hamabi. "Hortxe egin dut kale. Jasoaldi gehiago egiteko gauza banaiz. Entrenamenduetan hala egiten ditut, eta bi jasoaldi baliogabetuta aurrea hartu dit Peñagarikanok. Ondo egin ditu gauzak. Merezimendu osoz irabazi du", esan zuen kanporaketa amaitutakoan Albizuk.

Dena, ordea, ez zegoen erabakita eta bolarekin egin beharreko txandan zer gertatu zain gelditu ziren guztiak Elgetan. Etxeberriak hamabi jasoaldi egin zituen, Albizuk 21, eta Peñagarikanok 22. Hurrengo fasera sailkatzeko behar zituenak baino hiru gehiago. "Presioa eta urduritasuna neurtzen ikasi behar dut", esan zuen Albizuk amaieran. "Hankek kale egin didate. Hurrengoetarako ikasi behar dudana urduritasuna kontrolatzea da. Kasu honetan kanporaketa Elgetan jokatzeak bere eragina ere izan duela uste dut".

Triste zen Albizu proba amaieran, baina zazpi urtean harri-jasotze kontuak lagata edukita orain ekin dio berriz. Denborak esango du hurrengo urteetan noraino heltzeko gauza den.

Urrezko aizkolariak

Aizkolaritza kanporaketa ere jokatu zen, atzo, Elgetan. Ruben Saralegi sailkatu da finalerdietarako bere lana Ugaitz Mugertzak baino azkarrago amaituta. Saralegik 30 minutu eta 31 segundo behar izan zituen, eta Ugaitz Mugertzak baino minutu bat eta 25 segundo gutxiago. Hala, Iñaki Azurmendi izango du aurrez aurre hilaren 10ean Zaldibian jokatuko den lehenengo finalerdian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak