Gaur, zapatua, arazo gutxiago sortu ditu elurrak. Ez du atzo bezain beste egin eta aste bukaera izanik lanerako joan-etorriak ez dira hain ugariak izan. Elurra kentzeko makina goizean goizetik ibili da herri barruko bideak txukuntzen eta arazo gutxiago izan dira, oro har.
Gustura ibili direnak neska-mutikoak izan dira. Elurrak txirrista erraldoi bihurtu du herri guztia eta arropa egokia jantzi, lera edo plastikoa hartu eta hoztu arte ibili dira gora eta behera.
Argindar mozketa Salbador kalean
Salbador kaleko bizilagunek, hori bai, argindar mozketa izan dute goizean. Transformadore batean egin beharreko lanak tarteko 08:30ean eten diete horniketa eta eguerdi aldera itzuli da. Farmazian, harategian eta Salbador kaleko ostatuetan erdi ilunpetan edo kandelen argitan eman dute goiza.