Beste hainbat lekutan moduan Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna ez da oharkabean pasa Elgetan. Gizarte-ongizate sailak deituta hamabost minutuko elkarretaratzea egin dute, 13:00etan. Aurretik lore moreak egiteko tailerra izan dute eta hainbat neska-mutiko gerturatu dira bihotz formako horma-irudia osatzeko paperezko loretxoak egitera.
Ekitaldiek iraun duten denboran hainbat mezu izan dituzte irakurgai herritarrek indarkeria matxistak forma asko dituela gogora ekartzeko. Indarkeria soziala, sinbolikoa, ekonomikoa, psikologikoa, indarkeriazkoa, fisikoa... izan daiteke eta guztiak dira gaitzestekoak.
Datu gogorrak
Plazan ipinitako informazio paneletan datuak ere eman dituzte. 2016ko azarotik 2017ko azarora bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan bi emakume hil dituzte indarkeria matxistaren eraginez. Espainiar estatuan, berriz, 57 emakume eta bost seme-alaba izan dira hildakoak.
Susmoa izanez gero inguruan indarkeria matxistaren biktimarik dagoela nola jokatu adierazten duen informazioa ere bazegoen gaur Elgetako herriko plazan.
Nola lagundu
Lehenengo pausoa da emakume erasotuarengana hurbiltzea ea ondo dagoen eta ea laguntzarik behar ote duen galdetzeko. "Esan erasotzaileari ez duzula onartzen emakumeak erasotzea, ez zaizula ez dibertigarria ez normala iruditzen", adierazten da. Azkenik, biktimari laguntza bilatzen lagundu behar zaio eta hainbat bide adierazten dira:
. Foru Aldundiko Larrialdi zerbitzua: 943 22 44 11 (07:00-21:00)
. Aholkularitza zerbitzua: 900 84 01 11 (24 orduko zerbitzua)
. Zerbitzu juridikoa: 900 10 09 28
. SOS deiak: 112