Herritarrak ere epaile izan dira aurtengo pintxo lehiaketan, eta paper bidez botoa eman dutenek erabaki dute Maialde landetxearendako dela publikoaren saria; izan ere, Jesus Kalboetxeagak txerri azpizuna oinarri hartuta egindako pintxoak jaso ditu boto gehien.
Botoa emateko bi bide berri zeuden: Hirix plataforma eta selfie lehiaketa. Hirix plataformaren bidez ere Maialde landetxeak jaso ditu boto gehien. Selfie lehiaketaren bidez, berriz, Haize tabernak. Hiru kasuetan 30 euroko erosketa-bonu bana zozketatu du Udalak. Sarituak dira, hurrenez hurren, Ibai Etxaniz, Adeel Ahmed Khokhar eta Bakarne Arenaza. Etxanizek eta Khokharrek Maialde landetxerako bonua jasoko dute eta Arenazak Haizea tabernarako.
Osagaiak asmatuz lehiaketako sarituen izenak laster emango dituzte ezagutzera.
Argazki lehiaketako saritua
Domekako argazki lehiaketako irabazlea Kepa de Vega da. Hamar lagunek hartu zuten parte eta lau gai jaso zituzten: berdea, udazkena, pintxo domeka eta gai librea. Launa argazki aurkeztu zituzten. De Vegak argazki kamera digitala jasoko du.
Hauxe irabazle suertatu den argazki sorta (egilea: Kepa de Vega)