Elgetako pilotalekuan jokatuko da Urrezko Aizkolari Kopako jardunaldia, abenduaren 2an. Ugaitz Mugertza eta Ruben Saralegi izango dira aurrez aurre.
Herrian, baina, interes handiagoa sortuko du ziurrenik egun eta leku berean jokatuko den Gabonetako Harrijasotze Kopako saioak; izan ere, Imanol Albizu Goikoetxe-k jokatuko du kanporaketa Xabier Peñagarikanoren aurka. Erabiliko diren harriak izango dira ehun kiloko zilindro zaharra, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola.
Albizu gustura
Albizu gustura dabil lehiaketan. Harrijasotze kontuak zazpi urtez alde batera utzita eduki ostean udan ekin zion berriro ere prestatzeari, eta bigarren egin zuen Mallabiko txapelketan.
Orain bi aste, berriz, Gabonetako Harrijasotze Kopako lehenengo kanporaketa jokatu zuen Azkoitian eta 59 jasoaldi egin zituen, aurrez aurre zuen Mateo Colomak baino zortzi gehiago. "Gustura nabil. Poliki-poliki aurrera egiten", esan du Elgetan bizi den elgoibartarrak.
Albizuk uste du Mikel Lopetegi Urra eta Inhar Urruzuno direla Kopako faboritoak. Oraingoz, baina, dena dago ikusteko.