Azaroaren 15ean amaitu zen Elgetako Udalak zabaldutako azken esleipen prozesuan parte hartzeko aukera. Ez du inork eskaintzarik egin eta Udalak kultura batzordean aztertuko ditu hemendik aurrekoak. "Garbi eduki behar dugu hor ondo hornituta dagoen espazio bat dugula. Hurrengo urteko aurrekontuan egokitzapen lanak egiteko diru-lerro bat ere sartu dugu".
Lazkanok jakinarazi du kultura batzordean aztertuko dutela azpiegitura horrekin lotuta egon daitezkeen aukera ezberdinak. "Aurreko esleipenean ere hori egin genuen. Ez zuen inork izenik eman eta gero prozedura negoziatu baten bidez esleitu zen".
Elgetako alkatearen iritziz asko dago hausnartzeko. "Ostalaritza zerbitzua izan behar da? Sortzaileendako gune bat izan behar da? Kultura batzordean joango gara sakon aztertzen daukagun ekipamenduari ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Garbi daukagu gure kultura proiektua ez dela eraikin batera lotzen. Gure kultura proiektua oso garbia da; nahi dugu herritarrek parte hartzea horretan, eta garrantzitsua da herritarrak sorkuntzara bideratzea. Izan daiteke ipuinak kontatzeko, bertsoak kantatzera, marrazteko... Bestetik, nahi duguna da kultura hori publikoa izatea, eta zer eskaintza eman nahi den herritar denek erabakitzeko guneak egotea. Guretzako gune hori kultura batzordea da".
Kultura eskaintzarekin lotuta Lazkanok jasangarritasuna aipatu zuen. "Kontutan edukita gaur egun Udalean zein herrian zein baliabide ditugun horren araberako kultura eskaintza bat egin behar da".