Domekan emango diote amaiera Elgetan X. Pintxo Lehiaketari. El Rincon de Lola tabernako Lola pil pil pintxoak jaso du epaimahai ofizialaren saria, baina publikoak ere bere saria ematen du Elgetan. Hirugarren eta azken pintxo domeka izango den honetan erabakiko dute sariketa hori, eta herria girotzeko Elgeta kantuan egingo dute kalez kale 13.00etan hasita.
30 euroko hiru erosketa-bonu
Publikoaren saria erabakitzeko bezeroek emandako botoak hartuko dira kontuan. Pintxo gustukoena zein den adierazteko hiru bide daude aurten, eta botoa ematea ere saritu egiten dute Elgetan.
Botoa emateko lehenengoa aukera da taberna bakoitzean botoa idatziz adieraztea. Parte-hartzaileen artean 30 euroko erosketa-bonu bat zozketatuko du Udalak.
Garatu berria den Hirix plataformaren bitartez ere botoa emateko aukera izango da aurten. Aplikazioa mugikorrera deskargatu, 'galdeketak' atalean sartu eta botoa eman behar da horretarako. Bozkatzeko aukera azaroaren 19ko 00:00etan itxiko da. Hirix bitartez botoa ematen dutenen artean Udalak 30 euroko beste erosketa-bonu bat zozketatuko du.
Azkenik, selfie lehiaketa ere badago aurten. Kontua hemen pintxo gustukoenarekin selfie edo argazki bat ateratzea eta 634 438 458 zenbakira bidaltzea da. Parte-hartzaile horien artean ere 30 euroko erosketa-bonu bat zozketatuko du Udalak.
Hiru erosketa-bonuak X. Pintxo Lehiaketa irabazi duen El Rincon de Lola tabernan erabiltzeko izango dira.
Argazki lehiaketako sariketa
Argazkilaritza zaletuendako, bestalde, argazki lehiaketa azkarra izango da domekan Elgetan. Izena emateko mahaia 11:45ean zabalduko dute Mendizaleen Plazan, eta lehiaketa 12:00etan hasiko da. Antolatzaileek une horretan proposatutako lau gairen inguruko argazki digitalak atera beharko dituzte parte-hartzaileek, eta 16:00ak aurretik bidali laurak danonartian@elgeta.eus helbidera.
Kamerak eskaintzen dituen aukerak soilik erabili ahal izango dira. Irabazleak argazki kamera digitala jasoko du opari.
Lau tabernariek sari bana
Lehiaketan parte hartu duten lau tabernek, aurten ere, bina botilako sari bana emango dute. Irabazteko taberna bakoitzak lehiaketara aurkeztu duen pintxo onenaren osagaiak asmatu behar dira. Taberna bakoitzak osagaiak zeintzuk diren papertxo batean idazteko aukera emango du. Datuak bete eta bertan laga behar dira.
Gogoratu lehiaketan parte hartu duten tabernak direla Haizea, Bolatoki, El Rincon de Lola eta Maialde. Pintxoak, domeka honetan ere, euro bateko prezioan eskainiko dituzte.