Bigarren urtez irabazi du Elgetako Pintxo Lehiaketa El Rincon de Lola tabernako Maria Cobok. Epaimahaiaren iritziz lehenengo pintxo domekan aurkeztutako Lola pil pil izeneko bakailao pintxoa izan da lehiaketako onena.
Haizeak, Bolatoki tabernak, Maialde landetxeak eta El Rincon de Lolak hartu dute parte, aurten, lehiaketan eta bina pintxo aurkeztu dituzte. Epaimahaiko kide Jon Irazabalek azaldu du hiru ezaugarri baloratu dituztela: "Zaporea, itxura eta elaboraziorako hartuta lana baloratzeko eskatu digute eta hiruren baturak eman du emaitza". Irazabalek gaineratu du pintxo denak izan direla onak. "Ez da pintxo txarrik egon. Tabernariek lana hartu dute eta irudimen handia erakutsi dute. Denek. Zoriontzekoa da eduki duten kontu guztia".
Maria Cobok, nola ez, pozik jantzi du irabazlearen txapela. "Oso oso pozik nago, benetan. Bakailaoarekin egindako pintxoarekin irabazi dugu. Lan handia darama. Nahiz eta herri txikia izan eta lehiaketak lau parte-hartzaile izan landutako pintxoa eskaini nahi genuen eta uste dut lortu dugula".
Domekan, herritarrak epaile
Elgetako X. Pintxo Lehiaketako hirugarren eta azken domeka izango da honakoa. Bezeroek txapelketa irabazi duen Lola pil pil izeneko pintxoa berriz dastatzeko aukera izango dute, eta horrekin batera taberna bakoitzak aurkeztutako pintxorik onena. Prezioa, beti ere, euro bat izango da.
Dastatu bakarrik ez; izan ere, herritarrek pintxoak baloratzeko aukera ere izango dute, eta botoen baturak emango du Publikoaren Saria. Botoa emateko hiru bide izango dira aurten: tabernetan ipinitako papertxoen bitartez, Hirix plataforma digital berrian sortutako galdetegiaren bitartez eta selfie lehiaketaren bidez. Hiru kasuetan 30 euroko erosketa-bonua zozketatuko du Udalak parte hartzaileen artean.
Argazki lehiaketa eta Elgeta kantuan
Azken pintxo domeka girotzeko argazki lehiaketa azkarra –12:00etan plazan– eta Elgeta kantuan ekimena –13:00etan plazan– antolatu ditu Udalak.