Hilerriko horma konpontzeko lanak egunotan hasiko dituzte

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko aza. 13a, 07:00
Horma konpontzeko lanak egin ahal izateko mugituko den hilerriko eremua.

Agustin Beretxinagaren Transportes Egoarbitzak S.L-k egingo ditu eta 52.000 euroko aurrekontua dute, BEZ barne. 2017ko aurrekontuko inbertsioen ataleko diru-lerro handiena da.

"Domu Santu Egunerako hasita egotea zen asmoa, baina lurperatzaileek lan pila izan dute, eta azkenean astebete inguru atzeratu digute lanen hasiera", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.

Lanen kostua ere nabarmen hazi da hasieratik aurreikusitakotik. "Urteko inbertsiorik handiena zen eta gero bikoitza baino gehiago jarri behar izan dugu ez ginelako heltzen ezer egitera. Hezurtegia estaltzea eta kolunbarioa egitea ere aurreikusten genituen, baina ezingo da izan. Ea lortzen dugun hurrengo urtean egitea", esan du alkateak.

Aurrekontua, azkenean, 52.000 eurokoa da BEZ barne. Lanei dagokienean helburu nagusia da gaizki dagoen mendebaldeko horma konpontzea. "Horma horrek urte asko ditu eta harria da harriaren gainean. Poliki-poliki ura filtratzen joan da. Orain, horma horren kontra dauden gorpuzkiak atera behar dira. Familiei epe bat eman zaie gorpuzkiekin zer egin erabakitzeko. Lan horiek egindakoan eremu horretan dagoen lurra kendu eta horma bota egin beharko da gero bidegorriaren parean edo beherago hormigoizko zapata bat egiteko".

Hormigoizko horma egingo du Udalak gaur egun dagoenaren lekuan, eta kanpotik orain artekoaren itxura izan dezan gaur egungo harriarekin estaliko dute. "Zaila da lanek zein iraupen izango duten esatea. Sasoi honetan eguraldiak eragin handia izango du", esan du alkateak.

Hilerrian egitekoak diren lan handienak orain egingo ditu Udalak, baina aurreko asteetan bi ate ipini dizkiote hezurtegiari. Goio Sarasuak egin ditu lan horiek. Atzeko lorategira ematen duen atea berrituta dago, eta hilerri aldera berria atera diote hezurtegiari. Hezurrak eramatea errazteko egin dute goiko aldera ematen duen ate berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak