Zazpi lehiakide izan ditu literatura ginkanak, eta horietako batzuk taldeak izan dira. Hain zuzen ere, taldeetako batek lortu du puntuazio onena. Hala, saria jasoko dute Janitz Isasik, Itsaso Askasibarrek, Unai Frailek eta Arkaitz Errastik. Ana liburu dendan erabiltzeko 60 euroko erosketa-txartela jasoko dute opari.
Azaroan marrazki lehiaketa
Laugarren urtez marrazki lehiaketa antolatu du liburutegiak azarorako. Gaia, aurten, honako hau da: ipuinik gustukoena. Lehiaketa 5-16 urte artekoendako da eta parte-hartzaile bakoitzak marrazki bakarra aurkez dezake. Hiru sari daude, bat lehiaketako kategoria bakoitzeko. 5-8 eta 9-12 urte bitarteko kategorietan saria da liburu bat eta marrazteko materiala. Aldiz, 13-16 urte artekoendako saria da Ana liburu dendan erabiltzeko 30 euroko erosketa-txartela. Interesatuek hilaren 30era arteko epea dute marrazkiak aurkezteko, eta irabazleen izenak abenduan emango dituzte ezagutzera. Marrazki guztiak ikusgai jarriko dituzte liburutegian eta lan irabazleekin irakur puntuak egingo dituzte. Liburutegiko arduradunek jakinarazi dute parte-hartzea librea dela, baina sariak erabiltzaileen artean banatuko dituztela.
Gu ere kontalari, gaur
Gaur, bestalde, Eharik, Maiak, Uxuek, Janirek eta Irargik kontatuko dituzte ipuinak liburutegian, 17:00etan. Ikasturteko lehen Gu ere kontalari saioa izango da. Asmoa da ikasturtean zehar beste bi egitea.