Etxebizitza Legea indarrean sar - tu zenetik, Eraikinen Ikuskari - tza Teknikoa (EIT) egitera behar - tuta daude 50 urte baino gehiago dituzten bizitegi-eraikinak eta, eraikinaren antzinatasuna edozein izanda ere, zaharberritze lanak egiteko administrazioaren diru laguntza jaso nahi dutenak. EIT bizitegi-eraikin bat zein egoeratan dagoen egiaztatzen duen agiria da; baloratzen ditu, besteak beste, kontserbazio egoera, irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa.
Suradesako ordezkari Iker Urbina eta Miren Argi Zeziaga berriki elkartu dira Elgetako eraikin jabeekin, legeak eragindako aldaketen berri emateko. Eusko Jaurlaritzako Euskoregi erregistrotik ateratako datuen arabera, kalkulatzen dute Elgetan 66 eraikinek egin beharko dutela inspekzioa. "Neurriak 66 eraikini eta 182 etxebizitzari eragiten die Elgetan. 66 eraikin horietatik 40 herrigunean daude eta 26, berriz, auzoetan", zehaztu dute. "Suposa daiteke erdiak inguru baserriak izango direla".
Inspekzioa egitea gastua da
Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa egitea gastua da. "Jabeek arkitekto edo arkitekto teknikoa kontratatu beharko dute agiria egiteko, kostu hori bere gain hartuz", azaldu du Zeziagak. "Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren kostuaren tarifa ez dago finkaturik eta aurrekontu ezberdinak aurki daitezke. Suradesatik aurrekontu bat baino gehiago eskatzea gomendatzen dugu", gaineratu du.
Une honetan, gainera, ez dago zuzeneko diru laguntzarik ikuskaritza egiteko edo kostu horri aurre egiteko. "Baina EITren ondorioz obraren bat egin behar bada eta diru laguntzaren bat eskatzen bada, ikuskaritzaren kostua gastuen artean sar daiteke", argitu dute Suradesako ordezkariek.
Legea indarrean eta aplikagarri
Legea indarrean da eta aplikagarria da. Txostenak aurkezteko epemuga 2017ko ekainaren 27tik aurrerakoa da, eta 50 urte izan edo betetzen dituzten eraikinen jabeek urtebeteko epea dute ikuskaritza egiteko. Zeziagak jakinarazi du ez dela espresuki baserriei zuzendutako betebeharra, baina ulertzekoa dela jabeen kezka. Hala, sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta egin beharreko urratsak zeintzuk diren azaltzeko prest azaldu da. Arrasateko Nafarroa etorbidean ere badu bulegoa Suradesak, eta lanegun guztietan izaten da zabalik.
Eraikinen jabeak kezkatuta daude
Legeak adierazitako ezaugarriak betetzen dituzten eraikin guztiek egin beharko dute Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa, eta jabeek 2018ko ekainaren 27ra arte dute txostena aurkezteko. Goi mailako teknikari batek egin behar du agiria, eraikina ikuskatu ondoren. "Ulergarria den moduan, baserritarrek eta ikuskaritza egin behar duten herritarrek ez dute albistea ongi hartu", esan dute Suradesako ordezkariek. "Ikuskapenaren ondoren eraikinean konpondu beharreko akats edo kalte larriak azaltzen badira, ezarritako epean konpondu beharko dira. Kasu batzuetan, obra horiei aurre egitea ez da samurra izango". Elgetako eraikin jabeek jakin behar dute Suradesako teknikari astelehenetan izaten dela udaletxean, 09:00etatik 10:00etara.