Elgetarrek aurreko domekan dastatu zituzten herriko tabernariek X. Pintxo Lehiaketara aurkeztutako lehenengo lau pintxoak. Nork bere balorazioa egin zuen eta tabernaz taberna ibili zen epaimahaiak ere bai. Domeka honetan beste pintxo bana aurkeztuko dute lau parte-hartzaileek eta horiek ere baloratu ostean txapela eramango diote irabazleari. Sari banaketa 14:00etan izango da garaile suertatutako tabernan.
Gogoratu txapelketa jokatzen ari diren tabernak Haizea, Bolatokia, El Rincon de Lola eta Maialde landetxea direla. Euro bateko prezioan eskainiko dituzte domeka honetan ere lehiaketara aurkeztutako pintxoak.
Bertsolariak eta sormening tailerra
Elgetako Udalak antolatzen ditu Pintxo Domekak eta aurreko domekan Jainaga eta Narbaiza trikitilariek girotu zuten lehenengo lehiaketa eguna. Oraingoan bertsolariak iragarri dituzte antolatzaileek. Manex Agirre eta Xabi Igoa tabernaz taberna ibiliko dira 13:00etatik aurrera.
Neska-mutikoendako ere bada eskaintzarik domekarako; izan ere, Sormening tailerra egingo du Onditz Mendizabal elorrioarrak, 12:00etan. "Ordubeteko saioa izango da: mugimendu jolas-dantza eta artelan margoketa kolektibo bat egingo ditugu", azaldu du. "Tenperak erabiliko ditugu eta ondo kentzen da arropetatik, baina amantalarekin edo kamiseta zahar batekin etortzea hobeto da", gaineratu du. Parte-hartzea doakoa da eta Mendizabalek esan duenez eraman beharrekoak dira, batez ere, "ondo pasatzeko gogoa, burua zabalik eta eskuak prest!".