Aurreko ikasturtean abiarazitako ekimenari jarraipena emanez beste bi herrikide gonbidatu dituzte domeka arratsaldeko saiora gaztelekutik. Jose Mari Unzetabarrenetxea Zezia-ren eta Mikel Llarenaren bisita izango dute. Bildumagileak dira biak eta zer nolako bildumak egiten dituzten eta zergatik azalduko dute neska-mutikoen aurrean. Hori dela-eta, ate irekiak egingo dituzte gaztelekuan 17:00etatik aurrera.
Antzerako saioa egingo dute hilaren 25ean ere. Kasu horretan beste bi lagunek duten lanbidearen aurkezpena egingo dute. Ainara Arantzeta erizaina da eta bere ogibidearen inguruko azalpenak emango ditu neska-mutikoen aurrean. Xabier Ubera, berriz, udaltzaina da eta lanbide horren ingurukoak azalduko ditu.
Suhiltzaile bat, basozain bat, hiru artisau, tatuatzaile bat, grafitilari bat... hainbat lanbideetako ordezkariak izan ziren aurreko ikasturtean Elgetako gaztelekuan. Horietatik asko elgetarrak izan ziren. Aurten ere ildo beretik jo nahi dute udal zerbitzuan, eta neska-mutikoek lanbide berriak ezagutzen jarraitzeko aukera izango dute.