Urtero moduan Azula eta Beizu baserrietarako bidea auzolanean garbitzeko deialdia egin du Udalak. Zapaturako, hilak 11, egin dute eta adierazi dute arekak edo kunetak garbitzea dela helburua."Lurrak dituztenei eta bidea erabiltzen dutenei bidaltzen die, berez, deialdia Udalak eta derrigorrezkoa dute auzolan horretan parte hartzea", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Joan egin behar dira auzolan horretara, edo ordezko bat ipini, edo orduko hamar euro ordaindu".
Gainerako herritarrak ere gonbidatuta daude garbiketa lanetan parte hartzera. "Azkenean gutxiago edo gehiago baina denok erabiltzen dugu bide hori, paseorako besterik ez bada", esan du alkateak.
Aurten, makinak aurretik egiten duen lana aurreratu egingo da. Egunean bertan egin beharrean astean zehar egingo dute. Hala, zapatuan auzolanera gerturatzen direnek ez dute zain egon beharrik izango.