Eguraldi bikainarekin egin dute aurten gaztaina-erre jana eskolan. Herri Eskolak guraso elkartearen laguntzarekin antolatutako jaia izaten da urtero eta aurten ere hainbat kilo gaztaina erre dituzte ikastetxeko neska-mutikoei eta gurasoei eskaintzeko. "Orain bi urte hogei kilo gaztaina ekarri genituen eta gutxi izan ziren. Aurreko urtean, berriz, 30 kilo prestatu genituen eta gehiegi izan ziren. Aurten, 25 kilo izan dira eta neurri egokia dela ematen du", adierazi dute guraso elkartetik.
Enrike Perez Txikiturri-k erretzen ditu urtero gaztainak danbolinean. Materiala elkartu, eskola atarian sua piztu eta apurka-apurka erretzen ditu. Gaurkoan ere estimazio handia izan dute neska-mutikoen artean, baina jan aurretik bi bertso eskaini dizkiote Txikiturri-ri. "Banekien zerbait. Pare bat umeri entzun nien zerbait, baina sorpresa polita izan da", adierazi du.
Bertsoak abestu ondotik urteroko kantuak eta dantzak ere egin dituzte neska-mutikoek. Jarraian, eta adinka antolatuta banan-banan pasa dira gaztainak jasotzera. Gustura jan dituzte gehienek.