Ikuskizun berritua aurten Elgetako Arimen Gauerako

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urr. 30a, 07:00

Ikuskizun ibiltariaren hasieran eta amaieran akelarrea egingo duen neska taldea.

Bihar hogeitik gora neska-mutikok egingo dute 'Akelarrea' izeneko antzezlan ibiltaria. Goiko parkeko biribilgunean emango diote hasiera, 19:30ean. Gaurko, kalabazak husteko tailerra antolatu du guraso elkarteak Herri Eskolan, 18:30ean.

Orain hilabete hasi ziren prestaketa lanekin, eta egunotan ari dira azken entseguak egiten. Aurten ere, Arimen Gauean, antzezlan ibiltaria egingo dute herriko neska-mutikoek. Kontatuko duten istorioak aurreko urteetatik ezagunak diren Maritxu, Txomin, Mikel, eta apaiza ditu pertsonaia nagusi, baina zenbait aldaketa egin dituztela adierazi du antolatzaile lanetan diharduen Nerea Villak. "Goiko parkeko biribilgunean emango diogu hasiera ikuskizunari. Akelarre batekin hasiko da antzezlana, eta plazarako bidean bost geldialdi egingo ditugu kontakizuneko pasarteak ikusteko". Kokapen horiek dira hilerria, Maialde landetxea, eliza eta Mendizaleen Plaza.   

Ikuskizunak, bestalde, pertsonaia berriak ditu aurten; sorgintxoak. Asun Morenorekin eta Iratxe Bravorekin gertatu dute parte-hartzea: "Hamar neskatila dira eta guk biok ere parte hartzen dugu. Guk egingo ditugu bi akelarreak".

Halloween festa hartzen ari zen indarra ikusirik Elgetan 2013an hasi ziren Arimen Gaueko ekintzak egiten. Aurten ere gozokiak banatuko dituzte neska-mutiko guztien artean. "Amaieran banatuko ditugu eta denendako beste egongo da, beraz lasai hartzeko eskatu nahiko nioke jendeari", adierazi du Villak.

Ikuskizuna ilundutakoan abiaraziko dute, eta antolatzaileek jakinarazi du tarteka ikara eragiteko oihuak eta petardoak egongo direla. Linterna hartzeko gomendioa egin dute.

Kalabazak husteko tailerra

Gaurko, Arimen Gau bezperarako, kalabazak husteko tailerra antolatu du guraso elkarteak. Oraingo honetan Elgetako ortu ekologikoetan egindako kalabazak izango dira guztiak. Javier Vallek bere ortuan hazitakoak, hain zuzen ere. "18:30era aurretatu dugu tailerra; izan ere, berandutu egiten da azkenerako. Neska-mutiko guztiak daude etortzera gonbidatuta. Kalabaza horiek, gero, ikuskizunak egingo duen ibilbidea markatzeko erabiliko ditugu", azaldu du Villak. "Kalabazak hustu ahal izateko komeni da nork bere koilara eramatea. Labanarik, aurten, ez da eraman behar. Tailerra Herri Eskolako ganbaran egingo dugu", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak