Zirkoa eta umorea antzerkiarekin eta poesiarekin nahasten ditu Letter, eskutitz baten bidaia ikuskizunak. "Gutunek gure ahotik irten ezin diren hitzak esateko balio dute. Gutunek zain gauden hitzen oihartzuna ekartzen digute, baina bide horretan gauza asko gerta daitezke eta sarri bide hori bihurtzen da benetan axola duena", diote artistek.
Mendizaleen Plazan egin zuten hiru komedianteek saioa Liburutegien Nazioarteko Egunaren harian. Txiribuelta eta akrobazia ugari egin zituzten elgetarren aurrean, beti ere eskutitzek egiten duten bidaiaren haria galdu gabe. Azkenerako gutun sorta iritsi zen hainbat elgetarren izenean.
Neska-mutikoek ondo pasa zuten saioan eta hain gazteak ez diren ikusle makina batek ere bai.