Mahaiaren bueltan elkartu ziren hilaren 11n Elgetako zenbait berbalagun. Mendi Mendian elkartean egin zuten lehenengo topaketa eta zazpik lagun elkartu ziren. Kide berriei ongi etorri emateko eta ikasturte hasiera honetan osatu diren taldeen aurkezpena egiteko saioa izan zen. Pare bat jolas ere egin zituzten hasierako hartu-emana errazteko. Programako koordinatzaile Geaxi Ezpeleta gustura azaldu du topaketak emandakoarekin.
Lau talde eta hamalau kide
Oraingoz, lau talde eta hamalau lagun ari dira mintzapraktika saioetan, eta aste honetan hasi dira elkartzen. Aurrerantzean astean ordubeteko saioak egingo dituzte euskaraz jarduteko espazioak sortuz.
Taldeetako bi martitzenetan elkartuko dira; bata 09:30ean, eta bestea 17:15ean. Hirugarren taldeak eguaztenetan egingo ditu saioak, 16:30ean. Eta laugarrenak eguenetan, 10:00etan. Izen-emateak, dena den, zabalik jarraitzen du elgetanberbetan@gmail.com helbide elektronikoan.
Hirugarren urtea da Elgetan Berbetan programa martxan dela, eta eskualde mailako egituran integratuta dago. Hala, eskualde mailako hainbat irteera egingo dituzte. Lehenengoa urriaren 29rako antolatu dute Arrasateko Lezetxiki indusketa gunera. Debagoieneko mintzalagun guztiak daude gonbidatuta. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea.