"Egurra ateratzean egindako zuloak konpondu ditugu. Lanon aurrekontua 4.500 eurokoa izan da, eta Foru Aldundiak %60 ipini du", adierazi du baserritarren batzordeko buru Sebastian Arantzabalek. Azula eta Beizu baserrietarako bideari buruz ari da. Aurreko astean amaitu zituzten lanak.
Urtero bezala bide horretako bazterrak auzolanean garbitzeko deia egingo dutela gaineratu du Arantzabalek. "Azaro aldera izango da eta Udalak makinariaren kostua hartu du bere gain".
Hurrengo lanak
Aurrera begira Mendrakorta baserrirako bidearen eta San Antonio baserri inguruko konponketak egin gura dituztela ere esan du Arantzabalek.
Urte hasieratik hainbat baserri bide konpondu dira Elgetan. Urtarrilean Txulokua eta Egoetxeaga inguruetan egin zituzten lanak, maiatzean Iturbe-Etxebarri baserrirako bidea asfaltatu zuten, eta ekainean Asentzioko bidea egokitu zuten. Foru Aldundiak diruz lagundutako lanak izan dira, eta Udalak 7.800 euro bideratu dituela adierazi du Arantzabalek. Hainbat bide bazter garbitzen, berriz, 5.500 euro inbertitu ditu Udalak.