Urri hasiera honetan bi erabiltzaile ditu ludoteka zerbitzuak eta bat bera ere ez zaintza zerbitzuak. Egungo erabiltzaile kopurua txikia izanda ere Kepa de Vega hezitzailea aurreikusitako plangintza burutzen ari da. Jolas librea, ipuinak, jolas kooperatiboak, jolas motoreak… dituzte zerbitzuan eta horrekin batera munduko kulturak lantzeko egitasmo bat dute martxan.
Urrian maorien kultura ari dira lantzen eta ikasturtean zehar beste hainbat jorratuko dituzte: japoniarra, eskoziarra, masaia, txinatarra, samia... Munduko mapa handi batean kokatuko dituzte guztiak. "Bakoitzeko marrazki bilduma bat, eskulan tailer bat eta musika edo bideoa saioak egingo ditugu", azaldu du De Vegak.
Gaztematika sarean
Hezitzailea, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztematika sareko saioetan parte hartzen ari da. Dauden baliabideak aztertzeko eta sortzen diren beharrei erantzuna emateko sarea da. Antzerako tamaina duten herriekin esperientziak trukatzeko ere baliagarria da.
Ludoteka zerbitzua astelehenetik barikura bitartean dago zabalik, 16:30etik 19:00etara. Zaintza zerbitzua, berriz, 16:00etatik 19:00etara.