1982an erosi zuen Fernando Rodriguezek Elcoro enpresa. 1892. urtean Eibarren sortua, 1910. urtetik dago Elcoro Elgetan. "Hemeretzi langilerekin hasi ginen eta 2008rako zazpi planta eta 234 langile genituen", gogoratzen du Rodriguezek.
Enpresaren 125. urteurreneko ekitaldien atarian krisi ekonomikoak gogor jo dituela adierazi du, baina egoerari buelta ematen hasiak direla. "Handitzeko nahiak une oso txarrean inbertsio potoloak egitera eraman gintuen eta krisia zorpetuta abiatzea heriotza zigorra da. Erdira baino gutxiagora murriztu gaitu krisiak". Elcoro enpresa konkurtso egoeran da eta urteotan langileek egoera oso gogorra bizi izan dute. "2007an 95 langile genituen Pagatzako plantan. Gaur egun 63 gara, baina 50 ere izan gara. Enplegu-erregulazio espedienteak izan ditugu, aurre-erretiroak, sustatutako kaleratzeak... Lansariak ordaintzeari ere utzi genion... Hori guztia iragana dela esan dezakegu", esan du Rodriguezek. "Hori da urteurren ekitaldiekin ospatu gura duguna. Proiektu berriak ari dira sortzen, bezeroak eskaerak egiten hasi dira berriz, Gasteizen genuen enpresa baten salmentak ere lagundu du... Hemen jarraitzen dugu eta enpresaren alde lan egiten jarraituko dugu", esan du.
Urteurreneko ekitaldiak
Bihar, zapatua, 13:00etan egingo dituzte urteurreneko ekitaldi nagusiak Pagatzako plantan. Eguerdian plaka baten inaugurazioa eta bedeinkazio ekitaldia egingo dituzte Pagatzako plantan eta horrekin batera suziriak botako dituzte "espiritu gaiztoak" uxatzeko. Gero, bazkaria egingo dute Bergarako Lasa jatetxean. Iluntzean, suziriak botako dituzte berriz Pagatzako plantan.