Goizeko zaintza zerbitzua iragarri du ikasturte honetarako Maala guraso elkarteak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ira. 4a, 08:11

Txirrinak jotzeko zain aurreko ikasturteko lehenengo egunean.

Eguenean abiatuko da ikasturte berria Herri Eskolan. Maala Guraso elkarteak antolatuta goizeko zaintza zerbitzua izango da aurten lehenengo aldiz. Irailaren 11n jarriko dute martxan ikastetxeko gela batean, 7:30etik 9:00etara. Arratsaldeko zaintza eta ludoteka zerbitzuak ere hilaren 11n abiaraziko ditu Udalak.

Laster joko du, berriz ere, eskolako txirrinak. Lehenengo bi eskola egunak —eguena eta barikua— eguerdira artekoak izango dira. Astelehenean, hilaren 11n, hasiko dira ohiko ordutegiarekin.

Egun horretan abiatuko du goizeko zaintza zerbitzua guraso elkarteak. Hainbat familiaren urteetako eskaera da. Zerbitzua, hasiera batean, 7:30etik 9:00etara izango da, eta Nerea Villa izango da arduraduna. Egunean ordubeteko zerbitzuarengatik prezioa da 50 euro hileko. "Familiek agertutako interesarengatik kalkulatzen dugu sei edo zazpi erabiltzaile izango dituela zerbitzu berriak. Aurrerago eguneko bonuak ateratzea ere aurreikusten dugu", esan du Guraso elkarteko kide Sarats Mentxakak. Interesatuek zabalik dute izenemate epea.

Haurreskolan 10 neska-mutiko

Haurreskolan ere hastear da ikasturtea. Eguaztenean, hilak 6an, hasiko dute egokitzapena erabiltzaileek. Hain zuzen ere, 2016an jaiotako hamar neska-mutikok.

Udal zerbitzuak ere abiatzear

Arratsaldeko zaintza eta ludoteka zerbitzuek ere irailaren 11n zabalduko dituzte ateak. Udalak jakinarazi du Kepa de Vegak jarraituko duela hezitzaile lanetan. Zerbitzua, aurreko ikasturteetan moduan, 16:00etatik 19:00etara emango dute Torrealdean. Prezioak ere iazkoak izango dira. Ikasturte honetan, ordea, urteko kuota ere atera du Udalak. Kuota hori zaintzaren kasuan 600 eurokoa izango da eta ludotekaren kasuan 280 eurokoa. "Helburua da zerbitzuari egonkortasun bat ematea eta urte osoan zehar erabiltzeko konpromisoa hartzen dutenei prezioa hobetzea", esan zuen uztaileko osoko bilkuran Iraitz Lazkano alkateak.

Gazteleku zerbitzua urrian abiaraziko dute. Nerea Villak jarraituko du dinamizatzaile lanetan, eta hemen ere mantendu egiten dira prezioak.

Urrian hasiko dira, baita ere, udal kirol zerbitzuko ekintzak: eskola kirola saioak, mantentze gimnasia, GAP, spinning, tonifikazioa... Hasiera batean iazko ordutegiak mantentzeko asmoa du Udalak. Aurreratu dute Etor Garatek jarraituko duela dinamizatzaile lanetan. Bi urteko lanaldiaren ostean berriz deitu du lan poltsa Udalak eta hautagai bakarra aurkeztu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak