Hemen dira Ferixa Nagusiko jaiak. Aurrekontua, aurten, 38.431,35 eurokoa da. Musika, txaranga eta bestelako ikuskizunetarako partida da handiena —11.257,60 euro— eta Ferixa Eguneko bigarren handiena —8.717,06 euro—.
Musika eskaintzari dagokionean En Tol Sarmiento, DJ Bull, Trikizio, Kupela, Jainaga eta Narbaiza, Amaia DJ, txaranga... izango dira Elgetan. Aurreko urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirolak departamentuaren diru-laguntza jaso izan du Udalak jaietako kontzertuetarako. "Aurten ez dugu jasoko Diputazioak kendu egin baitu diru-laguntza hori. Iaz ere jasotzea aurreikusten zen, baina ez zen etorri", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. 2015ean laguntza hori 2.965 euroko izan zen, eta iazko jaietako egitarauan 3.600 euro jasoko zirela aurreikusten zen.
Etorri berriak protagonista zapatuan
Mozorroak izango dira, gaur, protagonista. Bihar, berriz, umeak, erretiratuak eta En Tol Sarmientoren kontzertua. Herri Egunean, aldiz, herritarrak eta batez ere etorri berriak direnak izango dira protagonista; izan ere, harrera ekitaldia egingo diete udaletxean azken 12 hilabeteotan jaiotako neska-mutikoei, eta 19 jaioberri daude ekitaldi horretara gonbidatuta. Jaietako zapi bana jasoko dute.
Alkatea buru soka dantza ere egingo du, aurten, udalbatzak. Ekitaldi horretan eta Udal Protokoloak jasotzen duen moduan dantzara gonbidatuko dituzte herrian erroldatu berriak diren lagun guztiak. Kasu honetan, 29 lagunek jaso dute gonbidapena.
Karaokea eta kuadrillen jokoak
Herri Eguneko bazkalosteko kuadrillen arteko jokoak eta domeka arratsaldeko karaoke lehiaketa berriak dira jaietan, eta gainera izen-ematea eskatzen dute. Karaoke lehiaketarako egindako deialdiak harrera oso ona izan du, eta neska-mutiko ugarik eman dute izena. "Batzuk, gainera, kantu bat baino gehiago abestu gura dute eta zenbait kantu asko errepikatzen dira", aurreratu du Iraitz Lazkano alkateak. "Parte-hartzaileekin hitz egingo dugu hau guztia apur bat antolatzeko. Amaia Txintxurretaren laguntza ere izango dugu", esan du alkateak. Izen-emateak zabalik jarraitzen du eta interesatuek udaletxean jasoko dituzte argibide gehiago.
Bestelakoa da kontua kuadrillen arteko jokoetarako. Jai Batzordetik parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Gaueko autobus zerbitzua
Barikuan, gaueko autobus zerbitzu berezia izango da Bergarara eta Antzuolara. Jaiek irauten duten bitartean, berriz, oinezkoendako izango da erdigunea eta Torrealdeatik bideratuko da zirkulazioa. Horrelakoetan gertatzen den moduan autobus geltokia Berraondokoan egongo da, eta ezingo da aparkatu Salbador osteko kalean.
Boluntario taldea lanerako
Iraitz Lazkano alkateak jakinarazi du, bestalde, jaiekin lotutako hainbat zeregin egiteko boluntario taldea osatu dutela aurten. "Iazko ferixa egunean hainbat lagunek sei orduko txandak egin zituzten zirkulazioa bideratzeko. Larregikoa da eta boluntario talde bat osatzea pentsatu dugu". Pozik da alkatea; izan ere, 25 lagunek eman dute izena. Interesatu gehiago balego udaletxean eman behar dute izena.