Mozorro jaitsiera bihar jaiei hasiera emateko

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko eka. 28a, 09:00

Iazko jaietarako Elgetan lur hartu zuen hegazkinlari taldea (Iturria: Elgetako hegazkinlariak)

Koloretsua eta zaratatsua izan ohi da Elgetan Ferixa Nagusiko jaietako hasiera, eta aurten ere mozorro jaitsiera egingo dute herritarrek, eguenean. Irudimen eta umore erakustaldi ederra izaten da, eta erronka berezia elgetar askorendako. Aurretik, eguerdian, buruhandiei ongi etorria egingo diete udaleku zerbitzuko neska-mutikoek.

Garrantzitsua da Elgetan festei hasiera egokia ematea, eta mozorrotuta botatzen dute jaietako etxafuegoa herritarrek. Kuadrilla askotan, gainera, Inauterietarako baino lan handiagoa hartzen dute jaietako mozorroa prestatzen. Iaz ere mozorro egunean pertsonaia ugari ibili ziren kalean gora eta behera. Hegazkinlari talde batek nahikoa lan izan zuen hegazkinarekin atzera eta aurrera. Okin talde batek irinez zikindu zituen bazter guztiak, txaranga zaratatsu batek itzelezko iskanbila sortu zuen eta gospel abesbatza batek kantuz bete zituen bazter guztiak. ONCEko saltzaileak, egiptoar talde bat, hippyak, amama talde bat eta animalia mordoa... denetik izan zen herrian.

Aurten ere 19:30ean egingo dute mozorro jaitsiera. Mendizaleen Plazara iritsitakoan, Iraitz Lazkano alkateak alkate txikiari emango dio aginte-makila. Horren ondoren, brindisa eta kartel lehiaketako sari ematea egingo dituzte. Hain zuzen ere, Eneritz Larreak jasoko du.

Aurretik, 12:00etan, udalekuetako neska-mutikoek buruhandien etorrera ospatuko dute.

Argazkien gunea eta erromeria

Iaz bezala, jai batzordeak mozorroei argazkiak ateratzeko gunea gertatuko du Mendizaleen Plazan. Herritarrak gonbidatuta daude bertatik pasa eta talde-argazkia ateratzera.

Mozorro egunean, Trikizio taldeak egingo du erromeria. 20:15ean ekingo dio lehenengo tarteari, eta, afaltzeko atsedena egin ostean, 23:00etan jarraituko du erromeriak. Gauerdian, beste atseden txiki bat egingo dute, Elgetan hain errotuta dagoen larrain dantza egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak