Helduendako puzgarriak gauerdian eta gaztetxoendako karaoke lehiaketa, aurten, Elgetako jaietan

'Haur handiak' umeen jolas parkean.

Jaietako Herri Egunean, zapatu gauean, helduendako hiru puzgarri ipiniko ditu jai batzordeak Salbador kalean. Domeka arratsalderako, berriz, herriko neska-mutikoendako karaoke lehiaketa antolatu dute. Amaia DJk egingo du eta zabalik da izen-ematea, udaletxean.

Bi berrikuntza nabarmenekin datoz 2017ko Ferixa Nagusiko jaiak. Zapatu gauean helduendako hiru puzgarri ipiniko ditu jai batzordeak. Espabila y salta, Troncos locos eta Boom splash dira, eta, puzgarriak baino gehiago, trebezia jokoak dira. "Iazko umeendako jolas parkean aurretik egon barik zeuden hainbat joko ipini genituen, eta ikusi genuen zenbait heldu oso gustura ibili zirela trebezia apur bat eskatzen zuten jokoetan, bereziki. Pentsatu dugu egokia izan daitekeela joko horiek gau giroan ipintzea, jende gehiago animatuko delakoan", esan du jai batzordeak.

Ekimen berria da eta ikusteko dago zein harrera izango duen. Jokoak Salbador kaleko plazatxoan ipiniko dituzte zapatu gauean. Berez, domeka izango da, 00:30 ingururako iragarri dituzte eta.

Neska-mutikoendako jolas parkea, urtero moduan, barikuan ipiniko dute. Hiru puzgarri eta hiru trebezia joko daude eskatuta: Pendulo, Gira loco eta Balance bike.

Karaoke lehiaketa domekan

Domeka arratsaldean, berriz, herriko neska-mutikoak izango dira protagonista aurten. Amaia DJrekin karaoke lehiaketa antolatu du jai batzordeak. 18:30ean emango diote hasiera, Mendizaleen Plazan. "Orain urte batzuk, playback lehiaketa egiten zen Ferixa Nagusiko jaietan. Bertan parte hartutakoak gara asko eta asko. Aurten, gaztetxoei zuzendutako ekintza bat antolatu nahi izan dugu domeka arratsalderako. Ez dadila izan jarri eta emanaldi bat ikustea; lehenetsi dugu parte hartzea gehiago bultzatuko duen ekintza bat".

Gaztetxoen artean karaokea eta dantza modan daudela ikusita, Amaia DJrekin harremanetan jarri eta karaoke lehiaketa antolatzearen alde egin dute. "Hainbat kantu aukeratu ditugu eta zerrenda bat osatu dugu. Zerrenda hori eskolara eraman dugu, neska-mutikoek gustukoren bat aukeratzeko".

Karaoke lehiaketan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena. Zenbait lagunek dagoeneko aukeratu dute kantua. "Karaoke lehiaketa herritar guztiei dago zabalik. Saria gitarra elektriko bat da", azaldu du jai batzordeak. Interesatuek udaletxean eman behar dute izena. Domekan nork bere aurkezpena egingo du, banaka edo taldeka. Amaia DJ ere gogotsu dago. "Ziur nago Elgetako neska-mutikoek oso ondo egingo dutela", adierazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.