Ferixa Nagusiko jaiak ate joka

Iazko Mozorro Eguneko okin taldea, plazan.

Elgetako Udalak asteon banatu du jaietako egitaraua etxez etxe. Ferixa Nagusiko jaietako gehigarri berezia argitaratuko du GOIENA-k bihar.

Zazpi egun besterik ez dira falta Elgetako Ferixa Nagusiko jaiak hasteko. Aurten ere eguenetik domekara bitartean ospatuko dituzte herriko jaiak elgetarrek. Egitaraua, berrikuntzak, domekako feriaren ingurukoak... jasoko ditu GOIENA-k bihar banatuko duen gehigarri berezian.

Txartelak salgai

Horrekin batera gaineratu behar da honezkero salgai daudela Julian Markiegiren kioskoan Herri Eguneko paellarako zein barikuko umeen bazkarirako txartelak. Prezioa bost euro da. Erretiratuen bazkarirako txartelak, berriz, herriko dendetan zein udaletxean daude salgai 10 euroko prezioan.

Karaoke lehiaketa

Zabalik da baita ere domekako karaoke lehiaketan zein zapatu arratsaldeko kuadrillendako jokoetan izena emateko aukera. Karaoke lehiaketarako hamasei kantu daude proposatuta eta parte-hartzaileek gustukoena aukera dezakete. Jokoetarako sei bat laguneko taldeak eskatu dituzte. Interesatuek udaletxean eman behar dute izena.

Larrain dantza ikastaroa

Eta San Juan bezperako ekitaldiak hasi aurretik, jai batzordeak antolatuta, larrain dantza ikastaroa egingo dute, bihar, 17:00etan, kiroldegiko gimnasioan. Herritar guztiei dago zabalik; izan ere, elgetarrek urtero egiten dute larrain dantza Ferixa Nagusiko jaietan. Dantza landu nahi duten herritarrek bi aukera izango dituzte aurten; bata bihar eta bestea hilaren 28an, 18:00etan, frontoian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.