DJ Bull disko-jartzaileak girotuko du San Juan bezpera Elgetan

DJ Bull. (Argazkia: DJ Bull)

Maala guraso elkartearen eskutik izango da herrian DJ Bull eta 18:30ean emango dio hasiera saioari. 21:00etan ogitartekoak banatuko dituzte eta ondoren piztuko dute San Juan sua.

Aurten ere berezia izango da San Juan bezpera, Elgetan. Herri Eskolako neska-mutikoendako ikasturteko azken eskola eguna ere izango da eta bazkari berezia izango dute ikastetxean. Guztiek batera bazkalduko dute —jangela zerbitzuko erabiltzaile diren neska-mutikoak zein zerbitzuko erabiltzaile ez direnak—, eta 14:00etan emango diote amaiera eskola egunari eta horrekin batera ikasturteari.

San Juan bezpera

Arratsalderako daude iragarrita San Juan bezperako ekitaldia, eta Maala guraso elkarteak antolatu ditu, aurten ere. Herriko neska-mutikoek gertu dute piloa kiroldegiko kantxaren ondoan. Han eta hemen jasotako paperekin, kartoiekin eta egur zatiekin egin dute, baina ez diote iluntzera arte su emango.

Aurretik, DJ Bull disko-jartzaileak girotuko du San Juan bezpera. 18:30etik 21:00etara egingo du umeendako dantza eta musika saioa. "Ostean ogitartekoak banatuko ditugu eta gero piztuko dute sua", adierazi dute Maala guraso elkartetik.

Larrain dantza ikastaroa

San Juan bezperarekin egingo dute baita ere larrain dantza gogora ekartzeko Udalak antolatu dituen bi dantza saioetatik lehenengoa. Ferixa Nagusiko jaiak badatozela-eta dantza hori gogora ekartzeko saioak dira. Kiroldegiko gimnasioan egingo dute lehen saioa 17:00etan. Interesatuta dauden herritar guztiak daude parte-hartzera gonbidatuta. Bigarren saioa hilaren 28an egingo dute, 18:00etan, frontoian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.