Berrikuntzekin datoz aste bukaera honetan Beheko kaleko jaiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko eka. 13a, 09:00
Bizikleta lasterketa hastear orain bi urte Beheko kaleko jaietan.

Jai batzordeak garagardo dastaketa iragarri du eguenerako. Barikuan jarraituko dute jaiek txirrindularitza probarekin. Ondoren etorriko dira sokamuturra, buruhandiak, DJ festa, afaria, karaokea eta Mojito jaia.

Laugarren urtez egingo dituzte Beheko kaleko jaiak Torrealdea auzoan. Elgetako Udalaren babesarekin auzotarrek antolatutako festak eguenarekin hasiko dira aurten. Barra ipintzeko eta kalea girotzeko auzolanerako dei egin dute 18:00etarako.

Garagardo dastaketa berezia

19:00etan, garagardo dastaketa egingo dute. Baobeer garagardoaren arduradun Mikel Irazabal auzotarrak egingo du. "Garagardo artisau dastaketa egingo dugu Baobeer-n eskutik! Lauzpabost garagardo dastatu eta mokadutxoa jateko aukera izango da hamar euroren trukean. Plaza mugatuak dira eta izena eman behar da aurrez!", adierazi dute antolatzaileek. Interesatuek Facebook bitartez (Beheko Kaleko Jaixak Elgeta) edo Baobeer-en txokoan eman dezakete izena. Jarraian pintxo-potea egingo dute.

Ekitaldi nagusiak barikuan

Garagardo dastaketarekin motorrak bero ostean barikuan egingo dituzte jaietako ekitaldi nagusiak Torrealdean. Neska-mutikoendako bizikleta lasterketarekin hasiko dira ekintzak; izan ere, 17:30ean jokatuko da Beheko kaleko jaietako III. mendi kriteriuma.18:00etarako sokamuturra eta buruhandiak daude iragarrita eta 18:30ean disko festa egingo du Amaia DJ-k.

Aurten ere afaria egingo dute Torrealdeako jaietan eta berrikuntza moduan umeendako afaria ere antolatu dute. Menua da solomoa patatekin eta izozkia. Prezioa da bost euro eta txartelak salgai daude El Rincon de Lola tabernan. Afaria 20:45ean izango da.

Helduen afariari dagokionean 21:00etan izango da. Prezioa da 12 euro eta txartelak salgai daude Goikoetxe harategian eguaztenera bitartean.

Ziurrenik luze joko du gauak Beheko kaleko jaietan. 22:30ean karaokea egingo dute, eta 23:00etan Mojito jaia Gauargi erromeria taldeak girotuta.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak