EH Bildu udal taldea: "Badu garaia oposizioak ardurak hartu eta lanean hasteko"

Gu Geu Elgeta Plataformak atzo egindako adierazpenen harira EH Bildu udal taldeak erantzun du: "Ordezkatzen duten Udalaren ezjakintasun nabarmena adierazi du berriz ere oposizioak".

"Begi onez ikusten dugu Gu Geu kritikoa izatea, baina nahiago genuke kritikoa izateaz gain lanerako prestutasuna izatea", adierazi du ohar bidez EH Bildu udal taldeak. "Ordezkatzen duten Udalaren ezjakintasun nabarmena adierazi du berriz ere oposizioak. Herri honentzat estrategikoak diren gai ugari ditugu esku artean. 2016ko otsailean plan estrategikoa garatzeko gonbidapena luzatu genion Gu Geuri. Erantzunik ere ez dugu jaso. Oraingoan ere, proposamenak egin, bildu eta adostasunak lortzea baino nahiago izan dute oinarririk gabeko kritika hutsalekin jardutea".

Epe laburrean eskuartean proposamenen bat izatea espero dutela adierazi dute. "Orain arte oposizioak egindako ekarpena hutsa izan baita. Gu Geuk nahi ez badu ere, bagoaz aurrera. Memoria Historikoaren museoaren inguruko plangintza estrategikoa garatzen ari gara. Eskuartean Elgetan errotutako hainbat enpresen handitze proiektuak ditugu, erraztu ditugunak. Izan ditugu bilerak Kirol Hiria dela eta gaia sakon lantzen ari gara, aukera ezberdinak baloratuz. Bi urteko epean, eguneroko kudeaketaren efizientzia asko hobetu dugu eta harro gaude udal langileekin batera egindako lanaz".

Gaineratu dute badela garaia oposizioak ardurak hartu eta lanean hasteko. "Historikoki batzordeak eta arloak alderdi ezberdinen kudeatu izan dira Elgetan eta horixe izan zen agintaldirako gure proposamena. Lan askotxo agian. Berriz diogu: udaletxera etorri, galdetu, proposatu, bildu, hitz egin, ezadostasunak konpontzen saiatu eta ondoren kaleratu daitezke halakoak. Ez da kasua. "Beste inor kritikatzen ibili ordez, norberak egin dezala eta ardurak bere gain har ditzala" zioen hauteskunde kanpainan Gu Geuko zerrendaburuak. Ez bat, ez beste. Ardurak hartu ez eta argudiorik gabeko kritika hutsalak egin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.